ehko-logo-04

13. EHKO TOPAKETA | Martxoaren 14ean BIDARRAIen

Kaixo, lagun:

Iazko batzarren ondoren, Talde Eragilean lanean jardun dugu han hartutako erabakiei forma emateko. Horietako bat EHKOlektiboko IDENTIFIKATZAILEa lantzea zen, bertaratutakoek inoiz baino garrantzitsuagotzat jo baitzituzten nekazaritza eta abeltzaintza biologikoaren inguruan gertatzen ari ziren aldaketak.

EHKOren sorrera, neurri batean, Iparraldean sumatzen zuten bio-industriaren indarrak bultzatu zuen. Gaur egun, 12 urte pasa direnean, Iparraldean bio-industriaren sarea gero eta hedatuago dago, eta Hegoaldera ere zabaltzen hasita dago.

Nekazaritza eta abeltzaintza biologikoa, txikia, gertukoa eta herriarekin konprometitua arriskuan dago, lehenaz gain, bio-industriaren sareak itota. Sare horren tamainak eta dituen lan-egiteko moldeak eta ikuspegi sozioekonomiko eta politikoak bere menpeko nahi ditu pertsonak eta herriak. Hasita gaude bio-industriaren sare horren barruan itotakoak gertu ikusten –bioelkarteak eta denda txikiak–, laborarion prekarizazioa eta proiektuen desagerpenak ez dira ezezagunak.

Horren aurrean uste dugu ekarpen interesgarria egin ahal dugula EHKOlektibotik, gure txikitasunean, gure identifikatzailea indartuta, besteak beste. Behar-beharrezkotzat jotzen dugu gure eredua, gure bizitzeko eta lan egiteko moldeak nabarmentzea eta bereiztea argiki bio-industriatik, Europako zigilu ofizialak denak berdintzen dituen honetan –handiak eta txikiak, herrikoiak eta globalizatuak…–.

Badugu EHKOlektiboan pertsonak –laborariak eta herritarrak– lehenetsiko dituen alternatiba bat. Badugu zer eskaini gure komunitateari: janari gertukoa, osasuntsu eta osasungarria, Lurra eta animaliak errespetatzen dituzten jarduera eta bizimodua, laborarien bizi eta lan baldintzak lantzen dituena, gure herriaren lurraldetasuna aintzat hartzen duena, pertsonengan oinarria duen eredu ekonomikoa, eta eraldatzailea izan nahi duena, bidezkoa. Badugu, beraz, Euskal Herriarentzat hitz bakar batean laburbiltzen den bide bat: AGROEKOLOGIA.

Hori dela eta, Talde Eragiletik luzatu nahi dizuegu IDENTIFIKATZAILE proposamen bat, 2020an zehar landu nahi duguna EHKOlektiboko kide guztion artean. Horretarako, prozesuan zehar denok izango dugu aukera gure ekarpenak egiteko eta parte hartzeko.

Lanketa horren oinarria izango da gure Berme Sistema Parte-hartzailearen garapena, non, ezinbestean, eta garena izanda ere –laboraria, herritarra, elkartea, erakundea–, EHKOlektiboaren eredua landu nahi dugun, gure irizpideak ezarrita; beti ere konfiantzan eraikitako prozesuak izan behar duela kontuan izanda.

Ez da lan samurra izango EHKOlektiboarentzat, baina Talde Eragileko kideok behin eta berriz jasotzen ditugun ezinei, beharrei eta gogoei erantzun behar diegula uste dugu, konpromiso hori hartu baikenuen orain dela urtebete.

Benetan uste dugu merezi duela bio-industriaren sarean ez itotzeko ahalegina egitea, eta gure indargune bakarrenetarikoak EHKOlektiboaren baitan biltzen diren sinesmenen indarra, txikion arteko elkartasuna eta zintzotasuna dira.

Horregatik animatu nahi zaitugu Martxoaren 14an, larunbatarekin, egingo dugun Topaketara etortzera.

Besarkada handi bat…