Azken urtetan Euskal Herriko laborari agroekologikoak eta beren jarduna babesteko lanean aritu ondoren, urriaren 17an pozarren aurkeztu genuen EHKO Identifikatzailea, Euskal Herriko etxalde eta proiektu agroekologikoak identifikatzen dituen zigilu herrikoia.
Ordizian ikusi genituen mantangorriak hemendik aurrera Euskal Herriko hamaika txokotan ikusiko ditugu eta euren bidez jakin ahalko dugu begien parean duguna tokikoa, dibertsifikatua, etxaldeak eta pertsonak zaintzen dituena eta ekologikoa dela.
Laborari eta herritarrentzat erreminta bat da EHKO identifikatzailea eta laborari, herritar eta eragileen arteko aliantzak ehuntzeari eta sektorean kolektibotasunetik jarduteari erantzuten dio.
Ordizia agroekologiaren bidean dauden ekimenez bete genuen eta erantzuna ere neurrikoa izan zen, lehen orduan arinago eta eguerdian jendetsuago, kattalingorriaz eta proiektuez gehiago jakin nahian jende ugari hurbildu baitzen saskiak eskuetan.
Batetik, Plaza Nagusian 33 laborarik jarri zuten postua eta, bertan, beren eredua eta ekoizpenak herriari zabaltzeko aukera izan zuten. EHKO Azokan agerikoa izan zen proiektu eta elikagaien dibertsitatea, kalitatea eta postuen maila.
Agroekologia lan-ildotzat duten 6 eragilek ere jarri zuten informatzeko eta materiala erosteko postua: EHKOlektiboak, ENEEK-Ekolurrak, Argiak, Biziolak, Amillubik eta Bionekazaritzak. Ostatua ere izan zuen plazak EHKO sareko zenbait elikagairekin mokadu bat egin ahal izateko.
Bestetik, Plaza Nagusiaren erdigunean haurrentzako txokoa izan zen. 8-12 gaztetxok hartu zuten parte landareak ugaltzeko tailerrean.

Solasaldian, berriz, agroekologian esparru eta dimentsio desberdinetan ari diren 6 eragileren gogoeta saioak 14-18 entzule bildu zituen. Amillubi, Baserritarren Bilgunea, Bionekazaritza, Biziola, Landare eta Uribe Butroeko Sarea izan ziren gonbidatuak eta nabarmendu zuten EHKOlektiboak kontzeptualki egin duen lanarekin, markoa eman diola agroekologia mugimendu osoari eta marko horren bidez antolaketa ahalbidetzen duela. Erronka nagusien artean azpimarratu zituzten elkarte anitzen arteko koordinazioan asmatu beharra agroekologiaren ikuspegia zabaltzeko eta eragiteko; EHKOlektiboak barne biltzen duen eredua jendartera helaraztea eta horretarako aliantzak garatzea; eta mugimenduaren ahotsa erakundeetara iristea, oinarria galdu gabe.


Bestalde, erakusketa gunea izan zen Barrena kultur etxean. Bertan, EHKOlektiboan Talde Eragilean jardundako zenbait kideren esperientzia bildu zen dokumental labur batean. Eskerrik asko, Jokin Zaldunbide egileari, lan argi, goxo eta bildua egin duzu!
Goizeko ekitaldia borobiltzeko, goi mailako bertso saioa egin zuten Nerea Ibarzabalek eta Maialen Lujanbiok librean. Bertso bidez bikain ekarri zuten plazara agroekologiaren kultur adierazpidea. Era berean, Miren Gaztañagak bideratu zituen hitzartzeak, ekitaldia elegantziaz eta naturaltasunez jantziz.
EHKO Azoka EHKO identifikatzailea aurkezteko eta agroekologian ari diren laborari zein eragileen lanaren berri emateko ekitaldia izan da, baita elkargunea ere. Egunerokotasunak maiz jan egiten gaitu eta horrelako espazioak ezinbestekotzat jotzen ditugu kanpora begirako lana ez ezik, elkarren berri izan dezagun, elkarrekin saretu gaitezen eta aliantzak sendotu ditzagun.
Elkar elikatzeko gunea arratsaldean
Aipamen berezia egin nahi diogu, bestalde, Biziolari. EHKO Azoka Goierrin egitearen arrazoietako bat izan da Biziola. Biziola irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Goierri eskualdeko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretu nahi ditu Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jartzeko. Besteak beste, irizpide sistema batean oinarritutako elikagai denda bat dauka, alegia, elikadura espazio bat da eta EHKOlektiboak estrategikotzat jotzen ditu horrelako proiektuak. Biziolan ere borondatezko jende ugarik hartzen du parte eta lehen lerrora ekarri nahi dugu urriaren 17an bertako produktuekin borondatezko sukaldariek 130 laguni bazkaltzen emateko hartutako lana eta jarritako ilusioa.
Bazkaloste gozoa izan zen Biziolakoa, azokako erritmoa jaitsi eta lagun zahar eta berriekin mahai bueltan barre egin, eta kantu kantari aritzeko parada estimatu genuen Edurne eta Jun Ta Jo taldearekin. Hainbeste, ezen gaueko txanda egin zuen taldetxo bat ere sortu zela espontaneoki.


EHKOlektiboko kideek ezin hobeto baloratu duzue eguna, eta askok nabarmendu duzuena izan da elkartzearen poza eta kolektiboaren potentziala.
Eskerrik asko, beraz, EHKOlektiboaren parte zaretenoi: egunaren garrantziaz jakitun Euskal Herriko txoko guztietatik EHKO Azokan egoteko ahalegina egin duzuenoi; herritarroi txandak bete eta ardurak hartu dituzuelako; eragileoi, batzuetan gogoratzea kostatzen den arren, elkar aitortuz eta elkarrekin jardunez bide ederra ari garelako jorratzen; EHKO Azokari babesa eta zabalpena eman diozuen udal, elkarte eta komuikabideei; Euskal Herrian agroekologia lurrera ekartzen duzuenoi eta sektorea ardura adina argitasunez bizi duzuenoi.
Eskerrik asko, bihotzez, eta segi dezagun agroekologiaren bidean.

Jarraian hedabideetan ateratako informazioa: elkarrizketak, erreportajeak, kronikak, grabazioak, argazkiak…
GOTZON ARANBURU
Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsotan: Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolarien saioa Ordiziako EHKO azokan
Aurkezpen herritarra: Identifikatzaile berria, mantangorria, aurkeztu dute Euskal Herriko Etxalde Agroekologikoek

