ehko-logo-04

Laborantza ekologikoa eta MICEren musika uztartuko dira Arbonan Udazkeneko Baserriko Uztan

  • EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da Baserriko Uzta.
  • Urteko azkeneko Baserriko Uzta Arbonako Agerrea etxaldeak jasoko du.

Arbonako Agerrea etxaldeak Udazkeneko Baserriko Uzta ekimena jasoko du azaroaren 18an: “Euskal Herriko eskualde guztietako jendea etortzea espero dugu” aitortzen du Olivierrek, Agerrekoak. Olivierren familiak Lapurdiko etxalde honetan 50 urte baino gehiago daramatza behi-esnea ekoizten. Lehen sistema konbentzionalean aritzen ziren, baina Olivier lanean hasi zenetik ekologikorantz urratsak ematen hasi ziren, azkena 2016an. Etxaldea ekologikoan zertifikatuta egon arren, plastikoaren eta petrolioaren erabilpenaren murrizketan oraindik zeregina dutela aitortzen du Olivierrek: “Gero eta zentzu gutxiago ikusten diogu behiei pentsua emateari. Zerealak ekoizteko petrolioa behar da eta hori, ene oraiko ustez, ez da behien eginkizuna. Zerealak pertsonak elikatzeko dira”, dio Olivierrek.

Esne gordinaren zuzeneko salmenta egiten dute Bidarte, Miarritze eta Angeluko hainbat supermerkatuetan (beti beraien markaren izenarekin) eta inguruko denda txiki batzuetan ere bai. Beraien bezeroen artean hainbat izozkigile eta euskal pastelgile daude. Urtean 80.000 litro esne inguru ekoizten dituzte Agerrean, baina aurten gutxiago izango direla uste dute behiei pentsua emateari uzten ari direlako.

Udazkeneko Baserriko Uzta

Miren Narbaiza ‘MICE’ izango da Udazkeneko Baserriko Uztari rock notak jarriko dizkiona: “Poz  handiz jaso nuen gonbidapena. Sortzaileak eta lurraren zaintzaileak  erlazionatuak gaudela uste dut; inguratzen gaituenari begiratzen diogu,  ulertu, erein eta bizitzak hazten jarrai dezan lan egiten dugu. Espero dut konexio hori sentitzea kontzertuan!”, esan du abeslari eibartarrak. 

Biezko baserrian egun osoko ekitaldiaren ondoren, Baserriko Uzta bere ohiko egitaraura bueltatuko da honakoan: jarduna goizeko 10:30etan hasiko da ongi etorriarekin eta ondoren etxaldearen bisita egingo da hamaiketakoarekin bukatuz. 12:30etatik aurrera Miren Narbaiza MICEk girotuko du hitzordua eta amaitzean, bazkaria egingo da EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin. Izena emateko azken eguna azaroaren 12a izango da.

Nola parte hartu?

Baserriko Uztan parte hartzeko 30 € ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne. 6-12 urte bitarteko haurrek 15 €. Eta 6tik beherakoek doan. Aurretik izena eman beharko da, tokia mugatua baita.

Egitaraua:

  • 10:30 Ongi etorria. 
  • 11:00 Etxaldearen bisita.
  • 12:00 Hamaiketakoa.
  • 12:30 MICEren kontzertua.
  • 14:00 Bazkaria.