ehko-logo-04

Baserriko Uzta ekimenak abuztuaren 26an ospatuko du Udako Uzta Biezko Baserrian, Atxondon.

  • UGER musika taldea izango da Udako uzta girotzen abuztuaren 26an Biezko Baserrian.
  • EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da Baserriko Uzta.
  • Udazkeneko Uztak ere data eta lekua ditu: azaroaren 18a, Arbonan.

Atxondoko Biezko Baserriak hartuko du txanda Udako Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean. Abuztuaren 26an Anerrek eta Oihanek beraien baserriko ateak parez-pare irekiko dituzte: “Hainbeste  urte EHKOlektiboko talde eragilean ibilita, aurten gurean tokatzen da Baserriko Uzta egitea. Lehen aldia da Biezkon horrelako zerbait egiten  duguna eta espero dugu gure bezero eta lagunen laguntza jasotzea. Ardura handia da guretzat eta espero dugu ahalik eta ondoen pasatzea, jai eder bat egitea eta jende anitza hurbiltzea”, aitortzen du Anerrek.

2007. urtean inguruko herrietan etxez etxe banatzeko saskiak egiten hasi ziren baratzean ekoiztutako produktuekin. Orain beste salmenta puntu gehiago dituzte: Durangoko merkatuan larunbatetan, Durangoko Marisatsa kontsumo elkartean eta Arrazolako Amillena  jatetxean, adibidez. Horrela, baserritik bizitzeko erabakia hartu zuten.

Oso etxalde dibertsifikatua da Biezko. Baratzeaz gain, fruta arbolak, oiloak, oilaskoak, erleak, fruitu txikiak,  sendabelarrak, baso  jangarria eta nekazal-turismoa dituzte, besteak beste. “Landetxea  duela 6-7 urte ireki genuen. Leku lasaia eta erosoa eskaintzen saiatzen gara, talde edo familia handiak elkartzeko aukera ematen duena”.

Animalia-trakzioa erabiltzen dute sarritan. Nahiz  eta traktoreari uko ez egin, baratzea astoekin lantzen  dute. Horretaz gain, beraiek ekoizturiko sendabelarrak eraldatu eta  destilatzen dituzte xanpuak, xaboiak,  kremak eta abarrak egiteko.

Udako Uzta

Ekitaldia goizeko 10:30etan abiatuko da ongi etorriarekin, Axpeko parkinetik Biezkora pasiera gidatua egingo da bertako historia eta kontuak entzunez. Ondoren etxaldearen bisita egingo da hamaiketakoarekin bukatuz. 12:30etatik aurrera, Uger rock talde bilbotarrak girotuko du hitzordua eta amaitzean, bazkaria egingo da EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin osatuta. Arratsaldean zenbait ekintza egongo dira, hala nola: bakarrizketa saio bat, Joana Ocaña eta Garazi Magunagoitiaren eskutik; Astoturfer musika taldearen kontzertua, non Biezko baserriko Anerrek gitarra jotzen duen; eta Sendabelarren Destilazio tailerra, non sendabelarrak bildu eta alanbikean destilatuko diren Biezko baserriko Oihanerekin.

Nola parte hartu?

Baserriko Uztan parte hartzeko 30 € ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, ekitaldiak, bazkaria eta tailerra barne. 6-12 urte bitarteko haurrek 15 €. Eta 6tik beherakoek doan. Aurretik izena eman beharko da, tokia mugatua baita.

Akanpatzeko aukera!

Edizio honetako egitaraua oparoa izango da. Hori dela eta, oraingoan berezitasun bat egongo da: bertan akanpatzeko aukera! Horrela, lagun taldeak zein familiak animatu nahi dira esperientzia bere osotasunean bizitzera.

Egitaraua:

  • 10:30 Ongi etorria. 
  • 11:00 Etxaldearen bisita.
  • 12:00 Hamaiketakoa.
  • 12:30 UGER taldearen kontzertua.
  • 14:00 Bazkaria: Arrazolako Amillena jatetxekoak prestatuta.
  • 16:00 Bakarrizketa. Joana Ocaña eta Garazi Magunagoitia.
  • 17:00 Sendabelarren Destilazio tailerra.
  • 18:30 Astotufer taldearen kontzertua.