ehko-logo-04

Baserriko Uztaren hirugarren edizioa apirilaren 4ean hasiko da Pettirekin Anizen

  • Baserriko Uzta ekimenaren hirugarren edizioa antolatu du EHKOlektiboak.
  • Kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batu nahi ditu  ekimenak.
  • Aurten hiru urtarotan izango da:
    • Apirilaren 4an Anizen (Nafarroan) Pettirekin
    • Irailak 12an Atxondon (Bizkaian) Ugerrekin
    • Urriak 17an Ibarrolan (Baxe-Nafarroan) Xendarineako ahizpekin

Baserriko Uztaren helburua herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea da, baserritarren lanak eta produktuak nola lantzen diren ezagutuz. Ekimena EHKO, laborarien kolektiboak eta iametza erakundeek garatu dute elkarlanean, NIREA eta HAZI fundazioaren laguntzarekin.

Etxaldeetako ateak parez-pare irekiz laborantza ekologikoa eta euskal musika bezalako bi bazterreko diziplina ezagutzera eman nahi ditu ekimenak. “Lan polita egin arren ez zeukala jendartean oihartzunik” entzun izan dute EHKOko kideek, Josebe Blancok aitortu duenez, eta egoera irauli asmoz sortu zen Baserriko Uzta ekimen berritzailea: “Hurbiletik, hurbiltasuna baitugu ardatzetako bat kolektiboan. Eta noski, formatuak elkar ezagutzeko eta solaserako tartea ematea espero dugu”.

Baserriko Uzta ekimena ez da baserrietan kontzertuak eskaintzera mugatuko. Hitzordua goizeko 10.30etarako jarriko da, etxaldea bisitatu eta nekazarien egunerokoa, ogibidea eta ekoizten dituzten elikagaiak gertutik ezagutzeko. Bisitaren ostean, musika emanaldia egingo da, izan ukuilu, ezkaratz edo etxalde bueltako pentzeren batean. Eta azkenik, bisitaldia borobiltzeko, bertaratutakoen arteko bazkaria egingo da, EHKO kideen baserrietako elikagaiekin, jakina. 

Saio bakoitzerako salneurria, etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne hartzen duena, 20 eurokoa da (gaztetxoena 12 eurokoa) eta izena emateko ehkolektiboa.eus/baserriko-uzta helbidean egin behar da, tokia mugatua baita.

Zer da Baserriko Uzta?

Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituen ekimena da. Urtaro bakoitzean, EHKO etxalde baten ateak eta musikari baten doinu kutxa zabalduko ditugu. Hala, bien bizibidea, nola, egunerokoa ezagutzeaz gain, beraien uztaz gozatzeko.

Zertarako?

  1. Efimero eta iheskorra den jendarte digital bizkor honetan, hezur haragizko ekimen ukigarriak maite ditugulako. Komunitatea, benetako sarea, sortu eta indartu nahi dugulako
  2. Elkartzea balio bezala. Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dutela iruditzen zaigulako. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira
  3. Kalea eta landaren arteko lotunea bihurtu nahi dugulako ekimena. Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduen arteko zubia izatea da xedeetako bat.
  4. Esperientzia aberasgarri bat sortzea da gure xedea. Aberasgarria guretzat eta hurbiltzen den edonorentzat
  5. Ekintza sozial eta komunikatibo honen bidez protagonista den baserria, bertako laborarien bizitza eta orokorrean EHKOlektiboaren lana maila lokalean zein Euskal Herri mailan ezagutzera ematea

Esperientzia

Zertan datza Baserriko Uzta ekimenak? Bada, goiz bateko esperientzia da Baserriko Uzta ekimena. Bakarrik, lagunekin, zein, familiarekin egiteko esperientzia eder bat. Hiru zatitan banatua.

  1. Baserriari bisita: Baserritarrak bere burua aurkeztu eta etxaldea erakutsiko du, bere ogibidea azaldu eta ekoizten dituen produktuak -uzta- erakutsiz, zein, dastatuz, hamaiketakoa
  2. Ibilbideak amaiera izango du kontzertua egingo den espazioan. Ukuilu, ezkatze, zein, soro, bertan jesarri eta kontzertuari ekingo zaio.
  3. Azkenik, tokiko lehengai ekologikoekin egindako otorduaz gozatuko da.

UDABERRIKO UZTA

2020 urteko uzta Nafarroako Aniz herrian hasiko da, Jauregia etxaldean. Etxalde honetan behi-esne ekoizpena dute, eta bi anaiak buru-belarri ibiltzen diren arren familia osoaren laguntzaz nekazal-turismoarekin osatzen dute etxalde dibertsifikatua. Saio honetan izango diren hainbat ekimen Baztango Udalak diruz lagundu ditu.

  • Apirilaren 4eko programa:
    • 10:30 Ongi etorria herrian zehar, txistulariekin
    • 11:00 Ekitaldiaren hasiera, bisita
      • Kirikoketa (jo ala jo elkartea)
      • Aurkezpena.
      • Etxaldeari bisita. Transformazio gunea eta ukuilua.
    • 12:30 Hamaiketakoa
    • 12:45-13:45 Pettiren Kontzertua
    • 14:00 Bazkaria
    • 15:30 Haurrendako Tailerra Birbiraren eskutik, material birziklatuak erabiliz.
    • 15:30 Bazkalostea Mahai kantuak. Agerralde akordeoi jolearekin.