ehko-logo-04

FORMAZIOA: ABEREEN NEKROPSIAK

EHKOlektiboko esnetako behizainen gogoa izan zen, orain dela lau bat urte, urteroko formazioaren dinamikaren sorburua. Haiei esker, urteotan, Euskal Herriko abeltzainok aukera izan dugu ezagutzeko sendabelar eta olio-esentzialen erabilera, Obsalim metodoa, mineralen eta oligoelementuen garrantzia eta kudeaketa… Guztia beti ere abeltzainon autonomia garatzeko helburu. Aurten, EHKOlektiboa arduratu da antolaketaz eta Biolurrek hartu ditu bere gain ikastaroaren gastuak.

Testuinguru horretan sortu zen aurtengo formazioa: nekropsiak. Horren helburua dator aurreko urteotako prozesuan sakontzera: animaliaren bat etxean hiltzen denean jakitea identifikatzen gorpuan azaltzen diren aztarnetan zein izan zitekeen animaliaren eritasunaren jatorria, horrek laguntzen duelako troparen egoera ezagutzeko.

Azaroaren 28an bildu ginen Pikunieta baserrian sei etxe bi ardi eta bi arkumeren bueltan. Ane Rivas albaitariarekin batera ikasi genuen nekropsia egitekotan, nola ireki behar den gorpua, gorputz atalak ahalik eta gutxien kaltetzeko, eta bertan azaltzen diren sintomak ikusteko.

Lehen ardiak erakutsi zigun zer garrantzi duen baserrietako txakurrak desparasitatzeak. Izan ere, ardiaren hainbat gorputz ataletan azaldu ziren kiste hidiatidikoak.

(Biriketan zauri batzuk aurkitu genituen, zain itxurakoak, eta haiek adierazten zuten pneumonia zuela pasatuta ardiak.

Bigarren ardiaren errumenaren paretak oso kolore iluna zuen, eta luzeak izan behar luketen ileak motzegiak –une batzuetan ez zegoen ilerik–. Horrek aditzera ematen zuen ardiak denbora oso luzean izan zuela errumenaren azidosi subklinikoa.

Behazuna apurtzean, dikrozelium izeneko parasitoak ere azaldu ziren bi ardietan… !

Buruak ireki egiten genituen ziurtatzeko oestrus izeneko parasitoaren arrastorik ez zegoela. Oestrusak neguan bere zikloa eteten duen eulia da, bere harrak sudurrean egoten dira.

Arkumeen kasuan, biak ala biak, bezperan hil ziren. Bat pneumoniak jota hil zen, eta besteak hesteak hori zituen jan ez zuelako. Eguna luzea eta neketsua egin zen, baina taldean asko ikasi dugun sentsazioa dago, eta gehiago ikasteko gogoa dugu. Horretarako, osatu dugu talde bat, eta zalantzak eta argazkiak partekatzen ditugu denok batera ikasten jarraitzeko.

Ikastaroek gure ezagutza –eta, ondorioz, autonomia– handitzeko betetzen duten funtzioaz gain, badute beste funtzio bat oso garrantzitsua: funtzio soziala, hain zuzen. Euskal Herri osotik etorritako abeltzainok elkarrekin ikasitakoaz gain, gogoan geratzen dira elkarrekin bizitako momentuak, besteek kontatutakoek, elkarrekin hausnartutakoak, eta mahaiaren bueltan pasatu genuen une goxoa.

Talde osoaren partez, mila esker!

Testua: “Nekropsiak” formazio taldea; BIOLURren “Gure Lurriña” aldizkarian argitaratua