Baserriko Uztaren udazkeneko edizioa martxan dugu EHKOlektiboan. Oraingoan, urriaren 12an, Zuberoako lurretan murgilduko gara, Lohitzuneko Pedronia etxaldea ezagutzeko. Bisita gidatuarekin hasiko dugu eguna, eta ondoren hamaiketako berezi bat dastatzeko aukera izango dugu. Agroekologia eta musika uztartzen dituen ekimena izanik, kantaldiaren txanda etorriko da gero: Maddi Oihenart eta Claudine Arhancet abeslariek emanaldi hunkigarria eskainiko digute. Eguna borobiltzeko, mahaiaren bueltan elkartuko gara, jaki ekologikoekin gozatzeko!
Pedronia etxaldean 2000. urteaz geroztik dihardu lanean Anita Duhauk. Piriniar arrazako 60 bat ahuntz zaintzen ditu -arriskuan den arraza delako hautatu zuen-, eta haien esnearekin gazta ekologikoa ekoizten du. Horrez gainera, izaera sozial nabarmena du Duhauren proiektuak: laguntza beharra duten pertsonentzako aterpe izan da sarri, eta artzain berrien ikastegi ere bai.
Merezi du Pedronia ezagutzeak, eta urriaren 12an aukera paregabea dugu horretarako.