Apirilean zehan EHKOlektiboak egin ditugun TOPAKETATXOEN bilduma txiki batekin gatorkizue.
EHKOlektiboko kideok urtero elkartzen gera EHKO TOPAKETETAN. Batzar Orokorretik haratago, elkarrekin egon eta partekatzeko egun ederrak izaten dira guretzat topaketak. Gainera, aurten, bereziki beharra genuen elkartzeko eta momentu goxo bat partekatzeko. Horiek horrela, Euskal Herrian zehar egindako 5 topaketek (Etxanon, Azpeitian, Itsason, Oibarren eta Ezpeletan) EHKOlektiboaren bidea indar-berritu eta ilusioz bete dute.
Mugikortasunari ezarritako mugek eta osasun krisiak baldintzatutako egoerak formatu txikiko bilerak egitera behartu gaitu. Horrek lanketarako aukerak eta parte-hartzea erraztu duen arren, kasu gehienetan lurralde bereko lagunen elkartzea ekarri du. Ondorioz, hain aberatsak diren lurraldeen-arteko-nahasketa gutxi gauzatu ahal izan dira. Hala ere, pozik gaude ia egun gehienetan parte hartu dutelako EHKOko kide diren laborari naiz herritarrek, eta kasu batzuetan kide berri eta herritar interesatuak ere ezagutu ahal izan ditugulako.
Lan-saio guztietan egitarau berdina izan dugu. Goizetan, EHKOlektiboaren ibilidea izan dugu ardatz. Bio-industriaren mamuaren itzalean sortu bazen EHKO, mamu hori materializatzen ikusten dugu egun gure inguruan. Mehatxu horren aurrean, elkar eutsi eta babestea da erronka, eta bide horretan Berme Sistema Partehartzailearen (BSP) garapenak funtsezko papera jokatu dezakeela sinestuta gaude. Norabide horretan, urte honetako gako nagusia Agroekologiaren irizpideei (gure etxaldeen nortasunari) erreparatu eta hausnartzea izango da, eta BSPa funtzionaraziko duen parte-hartze egitura aktibatzea.
BSParen proposamena bide logikoena bezala ikusi da, baina badira hainbat kezka, egindako saio askotan azalaratu direnak, hala nola: komunikazioa indartzearen beharra, ekoizle berrien beharra, zertifikazioaren beharra edo erabilpena, EHKOren motibazioa, kontsumitzale aktiboen beharra, etxalde bisiten esperientzia, irizpideen lanketa eta antolatzeko proposamenak edota EHKOren baitan muga zurrun edo malguen beharra.
Bazkalorduko giro goxoaren ondoren, arratsaldeko lanketak oso emankorrak izan dira. EHKO AGROEKOLOGIAREN ZUHAITZ BATERATUAren gainean lan egin da, Topaketa saio bakoitzean ALOR baten IRIZPIDE eta AZPI-IRIZPIDEEN birpaso kolektiboa eginez. Hala, landutako alorrak izan dira MANEIU EKOLOGIKOA, ARLO SOZIALA eta BERTAKOTASUNA. Saio hauek baliagarriak izan dira IRIZPIDE eta AZPI-IRIZPIDE zehatzen gogoeta pizteko eta baita kide guztiak prozesuaren jabe egiteko ere. Udazkenera begira, lanketa lerroak markatuta gelditu dira. Orduan, LAN-TALDE bakoitzak, bere ikuspegitik, adierazleak jarri beharko dizkio puntu bakoitzari, eta ikusi, EHKOko ETXALDE SAREAN oinarriturik, nondik-nora definitzen ditugun gure ereduaren mugak eta joerak.
Piztu ditugun su txiki hauek mantentzeko gogoz gaude Talde Eragilean. Garra badago eta oxijenoa hor izanen da. Euskal Herrian, munduan, geroz eta argiagoa da Agroekologiaren beharra eta eredu honek duen babesa, baina baita kontzeptua bera pairatzen ari den apropiazioa eta desitxuraketa. Guk hitz horren benekotasuna praktikan gorpuztu eta erakutsi nahi dugu. BIZI AGROEKOLOGIA eta BATU EHKOlektibora! Adi egon udazkeneko deialdietara. Ordura arte, udara ona pasa!